XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Argi dago beraz, bi herrialde horietan behintzat, gudan baino biktima gehiago eman zirela lan-istripuz II. Mundu-gerlaren garaian.

Bestalde, aipa dezakegu gaurregun bertan Inglaterran 1.000 pertsona hiltzen direla urtero lantoki barruan.

Epe berean, milioi erdi bat pertsonek izaten dituzte istripuak eta 23 milioi lanegun galtzen dira istripu eta gaisotasun profesionalengatik.

Estatu Batuei dagokienez berriz, Seguritateko Batzorde Nazionalak jakin arazi zuenez, 1976an 51.000 milioi dolar galdu ziren lan istripuez soldatatan bakarrik.

Beste nolabait esateko: urte horretan langileek jasandako istripuek Estatu Batuetako ekonomiari egin zioten galera, herrialde horretako industria guztia astebete osoz geldi egon balitz adinakoxea izan zen.

Gaurregun, zenbait herrialdetan (Estatu Batuetan eta Japonian) urteko 2 milioi lan-istripu gertatzen dira, eta beste zenbait estatutan (Alemania, Frantzia eta Italia), milioi bat baino gehiago.

Kontutan hartu behar da, gainera, herrialde askotan ez direla zifrak argitara ematen eta nolanahi ere nahiko okerrak izaten direla argitara ematen direnean; halaz eta guztiz ere, esan genezake 15 milioi bat lan-istripu gertatzen direla urtero munduan zehar.

Benetan zifra izugarria da, batez ere pentsatzen badugu zenbaterainoko sufrimendua eta egoneza dakarten hainbeste jenderentzat.

Beste alderdi txar bat ere badute lan-istripuek: zenbat eta zenbat diru kostatzen zaizkigun.

1980an egindako inkesta baten bitartez jakin ahal izan zen herrialde industrializatuetan, batezbeste, Nazio-Produktu Gordina delakoaren ehuneko 4era igotzen zela lan-istripuen kostua, garai batean baino gehiago, dudarik gabe.

Estatu Espainolari dagokionez, hara datu batzu, han-hemenka jaso ahal izan ditugunak.

Istripuak eta, berauen artean, lantokietan gertatutakoak lehendabizi eta motorrezko ibilgailuekikoak bigarren, izan ziren Estatu Espainolean 70-80 hamarkadan gertatutako heriotzen zergatirik garrantzitsuenak.

Carlos A. Ferreyrak emandako ikastaro batetik ateratako datuak dira.

Ikastaro horrek argi eta garbi jakin arazten duenez, 1970-1980 hamarkada horretan 75 urtez azpitik hildako guztien artetik, ehuneko 26,09 lan-istripuz hil ziren, ehuneko 24,94 motorrezko ibilgailuekiko istripuetan eta, hirugarren, ehuneko 13,76 biriketako minbiziaz....

Eboluzioari begiratuz gero berriz, argi dago behintzat gauza bat: lanpostuak murriztuz doazela, eta halaz eta guztiz ere istripu grabeak eta heriotzak gehiagotzen ari direla.

Sektoreka, honela banatzen dira lan-istripuak: 1.- Metalgintzako lantokiak %41,9 2.- Gainerako manufaktura-lantokia %14,8 3.- Meagintza %12,7 4.- Eraikuntza %10,5.